Burko zerbikal puzgarridun kirol-jertsea, kentzeko eta jartzeko takoiak, ibilgailu elektrikoetarako soinu-sistemak, sarrailak irekitzeko erlojuak eta, garbiketa errazteko, biraketa-sistema automatikoa duten erretenak zenbait adibide baino ez dira.
Mendizabala LHIIko ikasgeletan sortzen diren negozio-ideiak dira, ikasleek prototipo bihurtu ere egiten dituztenak. Are gehiago, haietako batzuk, hainbat heziketa-ziklotako ikasleen parte-hartzeaz, errealitate bilakatzen dira. Ikasgelako lana ez da soilik ideia on bat izatea, ideia hori ahalik eta gehiena garatu behar dute: irudi korporatiboa sortu, administrazio-lanak egin, salerosketa-prozesua antolatu…
Sarri, ikasleen sormenak ez du mugarik izaten. Hain zuzen, hortxe dago ekintzailetza-kulturaren hazia, ikastetxearen eta, zehazki, atzean dauden eta hainbat diziplinatatik datozen irakasleek osaturiko taldearen apustua denarena.
Ikasturte honetan, Erdi eta Goi Mailako Graduetako ikasleek hainbat enpresa abiarazten parte hartu dute. Goian aipatutakoei beste asko gehitu behar zaizkie, hala nola: hiri-baratze bertikalen online salmenta eta aholkularitza, posizioko led argiak eta keinukariak dituzten bizikleta-eskularruak edota ikastetxean jasotako plastikoa 3D inprimagailuetarako filamentu-bobina bihurtzea.
Ekintzailetza-ekimen eskoletan, talde-lana, erabakiak hartzea, informazioaren kudeaketa, lidergoa eta konpromisoa sustatzen dira, besteak beste.
TKNIKA Eusko Jaurlaritzako Ikerketa eta Berrikuntza Zentroak bultzatutako prestakuntza-programa hau interesgarria izaten ari da gure mugetatik kanpo; izan ere, berrikuntza-zentroaren arduradunek aholkularitza-lanak egin zituzten Txilen, hezkuntza-programa hori ezartzeko, eta dagoeneko hasiak dira horretan.
Lan horren guztiaren lagin bat Andre Maria Zuriaren plazan ikusi ahal izango da, datorren asteazkenean, urtarrilaren 29an, Araba Ekinean programaren baitako Lanbide Heziketako Ekintzailetza Azoka tradizionalean.