eseu +34 945 000 433
eseu +34 945 000 433

Ciudad Jardín LHIIk Truke On antolatu du, bigarren eskuko gauzak trukatzeko azoka

Gizarte-erantzukizun korporatiboaren kontzeptua oinarri, ikasleek iraunkortasunean oinarritutako 5R ereduari jarraikiz garatu dute ekimena.

Ciudad Jardín LHIIko Merkataritza Jardueren Erdi Mailako Zikloko 2. mailako ikasleak, IKASLAN sare publikokoak, gizarteari irekitako jarduera interesgarri batean murgilduko dira Gabon-bezperetan. Truke On bigarren eskuko gauzak trukatzeko egitasmoa da; gainera, ikasleek ikastaro honetako kontzeptu asko praktikan jarri ahal izango dituzte bertan.

Abiapuntua zen enpresaren gizarte-erantzukizunaren kontzeptua barneratzea. Hortik aurrera, ikasleek hori praktikan jartzeko jarduera bat garatu behar zuten. Halaxe jaio zen Truke On. Ekimena benetako negozio-ideia da: 5 erreen ereduarekin (gaztelaniazko berba hauen aurreneko letrari zor zaio izena: reducir, murriztu; reparar, konpondu; recuperar, berreskuratu; reutilizar, berrerabili; eta reciclar, birziklatu), gure bizimoduak planetan duen eragina murriztu nahi dute ikasleek, eta iraunkortasunean zein kontsumo arduratsuan oinarritutako balioetan berrezi beren burua, nork bere etorkizun profesionalean gizarte-erantzukizunez jarduteko.

Ikasteko modu hau erronketan oinarrituriko ETHAZI izeneko metodologia berrian datza. Ikasleek, eskuratu behar dituzten gaitasun teknikoez gain, beste zeharkako gaitasun batzuk bereganatzen dituzte, beren lan-etorkizunarekin zerikusia dutenak, hala nola talde-lana, komunikazioa, inplikazioa, ekimena edo erantzukizuna.

Jostailuak, liburuak, arropa… “bigarren bizitza ere” izan dezakeela uste den edozein gauza truka daiteke Truke On azokan. Zerbitzu honen bidez, ikasleek gauzak jaso, prestatu eta aurkeztu egingo dituzte. Ekimen honetan parte hartzen duten 17 eta 20 urte bitarteko 16 gazteak Ciudad Jardín ikastetxe publikoan egongo dira, goizeko 08:00etatik 14:30era.