IKASENPRESA

IKASENPRESA “ikasteko ekin” curriculumaren barruan lantzen den hezkuntza programa bat da. Batez ere Enpresa eta ekimen sortzailea (EES) moduluan jorratzen da, eta ikasgelan enpresa bat sortzeko proiektua erabiltzen du ikasleek hasieratik enpresen kudeaketa egiten ikasteko eta horretan trebatzeko aukera izan dezaten. Ikasleek enpresa ekintzailetzaren bidez ikasten dute. Hain zuzen ere, jakintza teknikoak bereganatzen dituzte, lan merkatura hurbiltzen dira eta zeharkako konpetentziak garatzen dituzte, hala nola talde lana, plangintza, erabakiak hartzea, arazoak konpontzea, ikaskuntza autonomoa, etab.

Ezaugarriak eta helburuak

  • Ikasleek ekimen sortzaileari lotutako gaitasunak aintzat hartu, baloratu eta garatzea, lanpostuek eta enpresa jarduerek dituzten eskakizunak aztertuz.
  • Ikasleek enpresa txiki bat sortzeko aukera definitzea, enpresa ideia aukeratuta, bideragarritasuna zehazteko merkatu azterlana eginda, jardun ingurunean izango duen eragina baloratuta eta balio etikoak bilduta.
  • Behar diren jarduerak egitea enpresa plana lantzeko eta ondoren enpresa eratu eta martxan jartzeko, forma juridikoa aukeratuta eta lotutako legezko eginbeharrak identifikatuta.
  • “ETEei” dagozkien administrazio eta finantza kudeaketa egitea, kontabilitate eta zerga eginbehar nagusiak identifikatuta eta dokumentazioa beteta.
  • Ikasleek honako alderdi hauekin zerikusia duten konpetentziak garatzea: autonomia pertsonala, lidergoa, berrikuntza, enpresa trebetasunak, etab.

Hartzaileak

Erdi eta goi mailako Lanbide Heziketako ikasleak.

Programaren norainokoa

2013/2014 ikasturte honetan, Lanbide Heziketako 40 ikastetxek, 1.500 ikaslek baino gehiagok eta 74 irakaslek parte hartzea aurreikusita dago. Horrez gain, hainbat erakunderen eta enpresaren laguntza dugu programan egiten diren jarduera ugarietarako. 220 “hezkuntza enpresa” sortzea aurreikusi da.

  • Informazio gehiagorako:
  • Ikusi programaren xehetasuna IKASENPRESA ekimenaren fitxan.
  • Kontsultatu EKINGUNE plataforma http://ekingune.tknika.net/
  • Harremanetan jarri Pili Díezekin.