eseu +34 945 000 433
eseu +34 945 000 433

Landa-enpresarako marketin digitala

Arabako 19 enpresak txertatu dituzte marketin digital estrategiak haien negozioetan proiektu honen bigarren edizioan, Arabako Foru Aldundiak sustaturik eta Ciudad Jardin LHII (Ikaslan) eta Egibideko (Hetel) ikasleek garaturik. Atzo arratsaldean jo zen amaitutzat proiektua, eta Pilar García de Salazar diputatuak diploma banatu zien Marketin Digitala Proiektuaren II. edizioan parte hartu duten ETE-ei.

Egibide (Hetel) eta Ciudad Jardin (Ikaslan) LHIIko LHko ikasleek, ikasle ohiek eta irakasleek lagunduta, laguntza eman diete landa-eremuko enpresa txikiei merkatu-azterketa egiteko, marketin-plana osatzeko, webgunea egoki kokatzeko, sare sozialetan duten presentzia hobetzeko edota produktuak eta zerbitzuak online saltzeko; finean, haien lehiakortasuna hobetzen lagundu diete.

Zehazki, enpresa hauek jaso zuten diploma Pilar García de Salazar diputatuaren eskutik, Egibide Molinuevoko areto nagusian egindako ekitaldian: Orban, diseño e impresión; Meteo for energy; Errez; Hontza Extrem; La Corchea landetxea; eta
E-process-Med. Guztiak aritu dira Ciudad Jardineko ikasleekin lanean. Beste hauek ere jaso dute diploma: Tierra y madera, Castilla de Portilla landetxea, La Pikurutza, Gesaltza Etxea, Naturgolf, Pablo María eta Ekaia Eko-Gestión. Horiek Egibideko ikasleekin jardun dute beharrean.

Bi aldeek, enpresek eta ikastetxeek, oso ondo baloratu dute proiektua. Ikastetxeen esanetan, ekimen honek “mesede egiten dio gure ikasleen lanbide-gaitasunen garapenari, eta etorkizunean lan-munduan txertatzeko prestakuntza hobea ahalbidetzen du”.

Enpresentzat ere oso esperientzia egokia da. Alor digitalean tresna berriak txertatzen lagundu dietela onartu dute, eta horrek beren emaitzak hobetu dituela.

Ekimen honen sustatzailea izaki, Aldundiak zabaltzen du ekimena Kuadrillen bidez, eta haiek gonbidatzen dituzte inguruko enpresak proiektuan parte hartzera, beren gaitasun digitala hobe dezaten. Proiektu guztiak oso modu pertsonalizatuan garatu dira, parte-hartzaile bakoitzaren beharretara egokiturik.