DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleek probintziako LHko prestakuntza-eskaintza AVANZAn ezagutzeko aukera izango dute. Ikaslan Araba eta HETEL sareko ikastetxe bakoitzeko irakasleek eta orientazio-langileek beren zalantzei erantzungo diete, besteak beste, prestakuntza-ibilbideei, izena emateko baldintzei, zikloen araberako gaiei, irteera profesionalei, baliozkotzeei edo gehien eskatzen diren espezialitateei buruz.
Standetako ordutegia 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara izango da. Goizak ikastetxeentzat izango dira, eta arratsaldeak, berriz, beren familiekin hurbildu nahi duten gazteentzat, betiere aldez aurretik hitzordua eskatuta, www.avanza.eus webgunearen bidez. Aurten ere, Orientazio Pertsonalizatuko Guneetatik (POP) banaka erantzungo zaie kontsultei, 30 minutuz. Horietan sartzeko, erreserba espezifiko bat egin behar da, baita webgunearen bidez ere.


Bost gako psikologiko zure seme-alabari bere bidea aukeratzen laguntzeko
Berrikuntza gisa, gurasoei zuzendutako hitzaldi bat sartu da programan, seme-alabak ulertzeko eta aholkatzeko gai senti daitezen.
Pilar García Solache Alea Psikologia Zentroko zuzendariak, 30 urte baino gehiagoko esperientzia duenak, eta gaur egun Arabako Hezkuntza Unitate Terapeutikoko arduradun klinikoak, zenbait baliabide erabilgarri eskainiko ditu horretarako. Hitzaldia doakoa da, baina izena eman behar da.
Ikastetxe parte-hartzaileak
AVANZA bisitatzen duten pertsonek Egibide eta Menesianos Langraizko standak aurkituko dituzte, Arabako Hetel sarekoak eta Ikaslan Araba sare publikoko ikastetxeetakoak: CIFP Mendizabala LHII, CIFP Ciudad Jardín LHII, CIFP Eraiken Construcción LHII, CIFP Hostelería Gamarra LHII, CIFP Agrario Arkaute LHII, CIFP Murgia LHII, CIFP Laudioalde LHII, CIFP BIRT LHII, IES Francisco de Vitoria BHI, IES Zaraobe BHI, IES Laudio BHI eta CEPA El Carmen HHI.
Erakundeen arteko lankidetza
Azokak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntza du.