Madrilen klima-aldaketaren aurka gazteek protagonismoa hartu duten egunotan, Gasteizko gazteek ere gogoeta egin dute energiaren erabilera eraginkorrari eta ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren arloko abantailei buruz, Eraiken Eraikuntza LHIIn egiten diren Ingurumen-ikasgeletan. Ikastetxe hori erreferentziazkoa da energiaren ikuspegitik eraikuntza eraginkorra egiteko neurrien prestakuntzan eta aplikazioan.
Gasteizko Udala, Galemys eta Eraiken LHIIrekin batera, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA) garatzen du jarduera hori, “Eraginkortasun energetikoa: etxean zero kontsumoa bilatzen” izenburupean.
Urtarrilaren 28ra arte, Gasteizko hainbat ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako 500 ikaslek energia-kontsumoari dagokionez eraikuntza enblematikoenak direnak ezagutuko dituzte, hala nola Zero Eraikina edo Domo Eraikina, Ikaslan sareko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoaren instalazioetan ikasleek eurek eraikitakoak.
Ikasleek, halaber, tenperatura-ihesei edo argiztapen eraginkorrari buruzko esperimentuak egingo dituzte, datuak bilduz edo benetako arazoei irtenbide berriak bilatuz. Hitzaldietan ere parte hartuko dute, zeinetan eguneroko jardueretan energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko ohiturak sustatuko diren, eta etxebizitzetako edo ikastetxeetako energia-beharrak iraunkortasunez betetzeko modua ezagutuko dute.
Gazteak energia aurreztearen eta eraginkortasunez erabiltzearen gainean kontzientziatzea funtsezkoa da hiri-iraunkortasunaren kultura sustatzeko.