eseu +34 945 000 433
eseu +34 945 000 433

Hezkuntza Sailak digitalizaziorako esperientzia pilotua jarriko du abian ikastetxeetan: Aste Digitala

Gaurtik abenduaren 4ra arte, esperientzian parte hartuko duten 57 ikastetxe publikoek eskolak emango dituzte, aurrez aurreko eta lineako modalitateekin batera. Lanbide Heziketako ikastetxeek ez ezik, Bigarren Hezkuntzako zenbait institutuk ere parte hartuko dute; guztira, 21.000 ikasle inguruk hartuko dute parte esperientzian, eta hezkuntzako 3.000 profesional baino gehiago inplikatuko ditu, irakasleen eta aholkularien artean.

LHko ikastetxeetan ikastetxeen arteko lankidetza eta elkarreragina sustatuko da, profil digital (aurreratuak eta ertainak) desberdinetako ikastetxeek batera lan egingo duten co-mentoring sistema baten bidez. Elkarlana eta ikaskuntza partekatua sustatu nahi dira.

 Helburuak:

  • Gaitasun digitalak indartzea
  • Hausnarketa pedagogikoan sakontzea
  • Digitalizazio-praktika onak partekatzea
  • Ikastetxeen arteko lankidetza markoa trinkotzea, elkarrengandik ikasteko kultura zabaltzeko
  • Digitalizazio-estrategiarako marko bateratu eta jarraibide eraginkorrak eskaintzea
  • Balizko egoera baten aurrean, bigarren agertoki eraginkorra irudikatzea, konpartitzea, inplementatzea eta hobetzea

Jarraipena eta ebaluazioa

Hezkuntza Sailak Aste Digitalaren jarraipena eta ebaluazioa egingo du, bai astean zehar eta baita hau amaitu ondoren ere: prozesua erregistratuz edo elkarrizketa, inkesta eta behaketaren bidez. Era honetan, arlo pedagogikoan, teknikoan edo logistikoan ikasitako lezioak jasoko dira: praktika onak, eta hobetzeko alderdiak.

Bestalde, irakasleei, familiei eta ikasleei gogobetetasun-inkesta egingo zaie helburu berberarekin: indarguneak eta hobetu beharreko alderdiak identifikatzea, aurrerago izan daitezkeen esperientzietarako kontuan izateko.