Ikaslan Araba eskolako ikasle Maialen Delgadok bigarren postua lortu zuen txapelketan.
Kafea mendafin, lima, panela-ur, ron zuri mazeratu eta kafe-gereziarekin, horra hor arrakastaren gakoa.
Foz de Lugo BHIn ospatu berri den XIII. Ostalaritza Eskolen Nazioarteko Ostalari Txapelketan, Galizia, Asturias, Kantabria, Leon eta EAEko hamaika ikastetxetako ikasleak bildu ziren. Gasteizko Gamarra Ostalaritza Eskolako Maialen Delgado bigarren geratu zen.
Gamarra Ostalaritza Eskolako Jatetxe Arloko Zerbitzuetako 2. maila egiten ari den 19 urteko gasteiztarrak teknika, trebezia eta ezagutza erakutsi zituen, ez bakarrik nahitaez egin beharreko 4 espresso eta 4 kaputxinoetan, baita edarian ere, espezialitate-sailean. Horrexekin bereganatu zuen epaimahaia.
Edariak kafea zuen oinarri. Horri mendafina, lima, panela eta panela-ura erantsi zizkion, baita ron zuri mazeratua eta kafe-gerezia ere.
Ariketa bi hilabetez prestatu zuen, Ismene Morenoren laguntzaz. Ismenek lehenago ere parte hartu zuen Fozen: lehenik, Gamarrako ikasle; gero, profesional-mailan.
Cafés Forondak babesturiko Maialen Delgadorentzat oso pozgarria izan da etxera bigarren postu hori lortuta itzultzea; izan ere, hamahirugarren edizioa du, eta jada ostalaritza-munduan eta kafearen kulturaren zabalkundean erreferentziazkoa bilakatu da.
Herri eskandinaviarretan eta AEBetan sorturiko txapelketa-mota hauek oso ospetsuak dira egun mundu zabalean, kafea prestatzeko artea gero eta gehiago balioesten baita.