eseu +34 945 000 433
eseu +34 945 000 433

Francisco de Vitoria BHIko ikasleak informatzaile turistiko aritu dira FITUR-en

Francisco de Vitoria BHIko Turismo Gidaritza, Informazioa eta Laguntza Lanbide Heziketako Goi Mailako Zikloko ikasleak Euskadiren standean, lan-eremuan eta LGTBIren standean izan dira FITUR Turismo Azokan.

IKASLAN Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen sareko sei ikasle dira: Gasteizko, Bilboko eta Donostiako bina.

Aurten, gainera, sei ikasle horien koordinatzaile Nerea Fernández de Ortega ibili da, Francisco de Vitoria BHIko Zikloko praktiken eta Lan-poltsaren arduraduna. Haren esanetan, ikasleentzat aukera aparta da. “Erakunde publikoen hezkuntza-arloarekiko elkarlana eskertu nahi dugu, ikasleei dakarkien guztiagatik. Lan-mundua ezagutzeko jarduera hau, FITUR den erakusleiho handian, esperientzia aparta eta aurrerapausoa da ikasleentzat.”

ELKARLAN PROFESIONALA EKITALDIETAN

Lanbide Heziketako ikastetxeetan, oso pozik daude duela bi ikasturte hasitako elkarlan-bidearekin, non lehenengo urratsa izan zen Nerea Fernández de Ortega hizlari aritzea Euskadiko I. Ekoturismo Foroan. Harrezkero, ikasleek honako hauetan parte hartu dute: Turismo eta Lan Mahaia, Industrialdia, Euskadiko Industria Turismoaren Nazioarteko Foroa, Bidegorrien Foroa eta Bilboko Expovacaciones.

AKORDIOA BASQUETOUR-EKIN

Nerea Fernández de Ortegak dioenez, iazko ekainean Euskadiko Turismo Zikloen arduradunak Basquetourren ordezkariekin bildu ziren. Orduan, lankidetza-ildo bat ezarri zen Euskadiko Turismo Zikloetako ikasleen eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren artean, ikasleek arlo horretako ekitaldietan parte hartzeko aukera izan dezaten. Izan ere, Turismoaren esparruko etorkizuneko profesionalen prestakuntza Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren apustu estrategikoa da, sektorean profesional onenak izatearren.