eseu +34 945 000 433
eseu +34 945 000 433

Errementari filmaren zuzendari Paul Urkijok hitzaldi batekin inauguratu zituen Ikaslan sareko Mendizabala LHIIren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldiak

Doako hitzaldia Montehermoso Kulturunean izan zen, martxoaren 5ean, asteazkenean. Paul Urkijoren ibilbideari buruzko masterclassa izan zen zuzendari gasteiztarraren hitzaldiaren izenburua. Araban giroturiko euskal folkloreko ipuin gotikoa da Errementari. Bada, filmaren eta bere lanaren sekretuak kontatu zizkigun zuzendariak. Bere lehen film luzeak sari asko jaso zituen, hala nola Donostiako Fantasiazko Eta Beldurrezko Zinemako Publikoaren Film Onenaren Saria, lehiaketara aurkezturikoen sari nagusia. Pelikulak balio berezia du, euskara zaharrean grabatu zelako.

Paul Urkijo, mitologiaren eta ipuin tradizionalen zalea bera, Arte Ederretan lizentziatu zen, eta ikus-entzunezkoak, ilustrazioak eta infografiak egiten ditu. Bere aurreko film laburrekin sari asko irabazi izan ditu, eta 400 alditan baino gehiagotan izan da hautatua, baita nazioartean ere.

Gasteizko aparteko profesionala izateagatik ez ezik, ikastetxearekin lankidetzan egindako ibilbide luzeagatik ere hautatu zuen Urkijo Mendizabala LHIIk ekitaldi hauen inauguraziorako.

Mendizabala LHII, 40 urte profesionalak prestatzen

IKASLAN ikastetxe publikoen sareko Mendizabala Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak 40 urte beteko ditu aurten.

Mendizabala, garai batean Gasteizko Institutu Politeknikoa zena, 80ko hamarkadaren hasieran jaio zen, Nikaragua kalean. Ikastetxe berria zen, baliabiderik gabekoa. Teo Aguayo eta irakasle gaztez osaturiko talde bat buru zirela, ilusio handiz, institutuak pixkanaka bere lekua egin zuen hiriko hezkuntza-panoraman, eta gaur egun Arabako eta Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe heldu eta erreferentziazkoa da.