eseu +34 945 000 433
eseu +34 945 000 433

Arkaute Nekazaritza BHIko lorategien botere sendagarria

Arkaute Nekazaritza Institutuak oin-erreflexologiarako lorategia diseinatu du, estresa murrizteko eta metabolismoa suspertzeko lagungarria dena.

Lorezaintza eta Loradenda zikloko 2. mailan dagoen lanbide-heziketako ikasle batek, neska bera, proposatu zuen zimurtasun ezberdinetako lorategia sortzea, bertan oinutsik ibili ahal izateko. Ikastetxeak proposamena onartu, eta 1. mailako ikaskideak proiektuari lotu zitzaizkion, ETHAZI metodologiaren bidez.

Testura ezberdinak lortu dira, hainbat osagai uztartuta: uharriak, zuhaitz-azalak, harriak, enborrak, arrozez eta urez beteriko puxikak… Eta, espazio paregabea osatzeko, eserleku txiki bat dago.

Arkauteko Lorezaintza eta Loradenda Zikloko 1. mailako 17 ikasleak taldean aritu dira, elkarlanean jarduten, entzuten, argudiatzen eta proposamenik onena aukeratzen ikasten. Horrez gain, kontu teknikoak ere jarri dituzte praktikan, hala nola zuinketa, lurraren ezagutza edo neurketa.

Lorategiak 500 metro lineal ditu, eta erreflexoterapia-teknikei erantzuten die. Teknika horiek oso ohikoak dira Alemanian, ikaslea inspiratu zen herrialdean, esaterako. Erreflexoterapia oinetako ‘zona mikroerreflexuak’ direlakoak estimulatzean datza, onura fisiko eta psikikoa lortzeko.

Gauza naturalekin bat egiteak onura fisikoak ez ezik, beheko gorputz-adarretan hezurren eta giharren egitura hobetzea, kasu, onura psikologikoak ere badakartza,  luzaroan depresioa edo antsietatea eragin dezaketen tentsioak askatzea, adibidez.