eseu +34 945 000 433
eseu +34 945 000 433

Arabako Lanbide Heziketaren Azoka Birtuala

20 bideo familiek Araban irakasten diren LHak eta merkatuko joerak ezagut ditzaten, hala nola ikastetxeei buruzko informazioa eta orientabide-gida bat eskaintzeko, bai eta txat bat ere zalantzak argitzeko. Horixe aurkituko dute ikaslegaiek eta beren senideek www.fpalava.com atarian.

Arabako LHko ikastetxeek, Ikaslan Arabak eta Egibidek, Avanza 2020 LHren Azoka fisikoa bertan behera geratu dela eta, ikaslegaiei eta beren senideei informazio osoa eskaintzen jarraitu nahi dute.

Helburua da gazteak prest egon ahal izatea LHko zenbait ziklotan Eusko Jaurlaritzak ezarritako epealdian izena emateko, ekainaren 1etik 19ra, hain zuzen.

LANBIDE-FAMILIEN GAINEKO BIDEO BERRIA

Aurten, animaziozko 20 bideo sortu dira, Arabako LHko ikastetxeetan eskaintzen den lanbide-profesional beste. Ikus-entzunezko lan hauek, gehienez ere minutu batekoak eurak, sektore bakoitzean merkatuko joerak zein diren labur eta grafikoki azaltzen dute.

Bideoetan, dela euskarazko bertsioan, dela gaztelaniazkoan, arlo bakoitzean lan-aukera gehiago dituzten profilak ageri dira. (Ikus hemen) Material dinamiko honen xedea da gazteenengana iristea eta haiek edozein unetan izatea bertan sartzeko aukera. Bideoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuordetzaren, Arabako Foru Aldundiaren era Vital Fundazioaren laguntzari esker ekoitzi dira.

ONLINE TXATA

Azoka Birtualaren atariko beste berritasun bat online txata da, ikasleen edo haien senideen zalantza guztiak argitzeko sortua. Arreta pertsonalizatua emateko zerbitzu honetan, eragileek zuzenean erantzuten dute, edo zalantzak dagokion ikastetxera bideratzen dituzte, zalantza zehatzagoa izanez gero.

ORIENTABIDE-GIDA

Atarian, ikasleek Orientabide-gida bat dute eskuragarri, oso erabilgarria gure herrialdeko lanbide-heziketarekin loturiko kontuak kontsultatzeko: sarbide-baldintzak, LH dual modalitateak, urrutiko LH, prestakuntza-ibilbideak, harremana enpresarekin edo praktikak atzerrian.

ZIKLOAK ETA IKASTETXEAK

Ikaslegaiek, atari honetan, Araban irakasten diren zikloen gaineko informazio guztia eskuratu ahal izango dute: titulu bakoitzerako profil pertsonal gomendagarriak, titulazio hauekin bereganatzen diren trebetasunak eta ziklo bakoitza osatzen duten moduluak. Guztira, gazteek Goi-mailako 42 titulu, Erdi-mailako 29 eta oinarrizko LHko 13 dituzte aukeran.

Ziklo horiek Araban irakasten dituzten Ikaslan Araba eta Egibideren ikastetxeen datu nagusiak (helbideak, webguneak eta telefono-zenbakiak) ere jasota daude, eta, hala, direktorio erabilgarria da.