eseu +34 945 000 433
eseu +34 945 000 433

IKASLAN Araba ikastetxe publikoen sareko 32 enpresak beren proiektuak aurkeztu dituzte Araba Ekinean Azokan.

Mendizabala, Ciudad Jardín, Gamarra eta Eraiken Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuek Ikasenpresarekin lotutako proiektuak aurkeztu dituzte jendaurrean. Edizio honetako irabazlea Mendizabalaren proiektu bat izan da: erretenak errazago garbitu ahal izateko, biraketa-sistema automatikoz horniturikoak sortzeko egitasmoa (goian argazkian). 

Gaur 23 negozio-ekimen aurkeztu ditu Mendizabala LHIIk Andre Maria Zuriaren plazan ezarritako standetan. Azken hiletan, ikasleak are gehiago ahalegindu dira lanean enpresa original baino originalagoak aurrera ateratzeko, hala nola, ibilgailu elektrikoetarako soinu-sistema, burko zerbikal puzgarria eta kargagailu eramangarria dituen kirol-jertsea edota material ekologikoak dituen 3D inprimaketa-zerbitzuen enpresa.

Proiektu horiei beste batzuk gehitu behar zaizkie, bitxi-bitxiak: Mexikoko eta Euskal Herriko menuen arteko uztarketa, premia bereziak dituzten pertsonentzat egokitutako menuak, international food truck delakoa edota Gamarra Ostalaritza LHIIko sukaldaritzaren  irudi korporatiboa sektorean garatzeko enpresa. 

Eraiken LHIIk sakelakoetarako eta loreontzietarako zurezko euskarrien ekimena aurkeztu du; Ciudad Jardín LHIIk, berriz, bi enpresarekin parte hartu du azokan: TrukeOn, bigarren eskuko objektuak trukatzeko proiektua, eta botilak eta giltzatakoak saltzeko beste enpresa bat.

Guztiak ere Ikasenpresaren baitan landu dira, alegia, Lanbide Heziketako ikasgeletan eskola-
enpresak sortzeko TKnikak sustaturiko hezkuntza-programan.

Azken urteotan erabilitako metodologiak ikasleak enpresa horien garapenean proaktiboak izatea ekarri du. Haiek proposatzen dute zein enpresa sortu nahi duten gelan,  eta irakasleek lagundu besterik ez diete egiten, bidean sor dakizkiekeen zalantzak argituz.