Ikasleek eta familiek gero eta interes handiagoa dute Lanbide Heziketari buruz, eta, horregatik, AVANZA funtsezko gune bihurtu da prestakuntza-eskaintza aurkezteko eta etorkizun akademikoa eta profesionala erabakitzeko prozesuan daudenei orientazioa emateko.
3.000 pertsona inguruk, gehienak DBHko eta Batxilergoko ikasleak, parte hartu dute bederatzigarren ediziora iritsi den hitzordu honetan. Goizean, 09:00etatik 13:30era, bisitak ikastetxeentzat erreserbatuta egon ziren; eta arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara, ikasleak beren familiekin joaten ziren.
HETELeko eta Ikaslan Arabako profesionalek, ekitaldia antolatzen duten erakundeek, sarbide, irteera profesional, enplegagarritasun aukera edo ondorengo ibilbide akademikoei buruzko zalantzei erantzun diete.
FAMILIENTZAKO KONFERENTZIA
AVANZA programaren barruan, familiek espazio propioa izan zuten: «Presiorik egin gabe lagundu: gure seme-alabei erabakiak hartzen laguntzeko gakoak» hitzaldia, asistentzia eta harrera oso positiboa izan zituena.
Saioa Silvia Ortizek eman zuen, 20 urte baino gehiagoko esperientzia duen eta gaur egun Berritzegune Nagusiari lotuta dagoen orientatzaile hezitzaileak. Bere hitzaldia orientazio-jardunaldiaren ardatz nagusietako bat bihurtu zen, familiei tresna praktikoak eskainiz seme-alabei ikasketa- eta bokazio-erabakiak hartzeko prozesuetan laguntzeko.
Erakundeen arteko lankidetza
Ikaslan Araba eta Hetel sareko ikastetxeek antolatutako “Avanza” Lanbide Heziketako Azokak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntza du.









