AGORA TEKNOCAMP

Agora TeknoCamp, eragileen arteko lankidetzari esker gure gazteei zientzia eta teknologia hurbiltzen dien udako campusa

120 neska-mutilek Agora TeknoCampen hirugarren campusean izena eman ahal izango dute ekainaren 24tik 28ra bitartean

Lekua gordetzeko epea gaurtik ekainaren 7ra bitartean egongo da irekita

Gasteiz, 2019ko maiatzaren 23a. Arabako Foru Aldundiak, UPV/EHUk, Egibidek,  Ikaslan Arabak eta Innobasquek, hirugarrenez urtez, abian jarri dute Agora Teknocamp, zientzia eta teknologia ikasi eta haiekin dibertitu nahi duten Arabako neska-mutilentzako udako campusa.

Hirugarren edizio honetan, Agora TeknoCamp hezkuntza proiektu erreferente gisa sendotu da zientzia eta teknologia arloan.

Aurten ere 120 plaza eskaintzen dira, horietatik 60 Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako neska-mutilentzat dira, eta beste 60 plazak DBHko 1. eta 2. mailetako neska-mutilentzat. Gasteizko Egibide, Mendizabala LHII ikastetxean eta Gasteizko Ingeniaritza Eskolan emango da prestakuntza eta haien talde profesionalek gidatuko dituzte jarduerak astebetez.

Agora gizarte parte-hartze eta berrikuntza prozesutik sortu zen hiri campues honen helburu nagusia da gazteenengan interesa piztea zientziaren eta teknologiaren munduaz, era praktiko eta ludikoan, eta horrela adin txikietatik bokazio tekniko-zientifikoak sustatzea Arabako Lurralde Historikoan.

Jarduerak Nieves Cano kaleko campusean (UPV/EHUko Ingenieritza Eskolan eta Egibide-Nieves Canon) eta Mendizabala LHII ikastetxean egingo dira. Aurten ere zentro horietako ekipoek ahalegin guztia egin dute jolas eta hezkuntza jarduera programa bete-bete bat diseinatzeko.

Ekainaren 24tik 28ra bitartean, Agora TeknoCampeko partaideek abentura izugarria biziko dute

Magia dirudi baina fisika da, kimikak bere baitan harrapatzen zaitu, altxorraren bila edo ibilgailu elektriko bat diseinatzen. Horiek dira aste benetan zirraragarrian burutuko diren ekintzen izen batzuk. Jolasteko aukera ere izango da; udako campus batean ohi denez, baita norberaren dibertsiorako ere.

Agora TeknoCampen hirugarren edizioaren bidez, bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko eta gure lurraldearen erronketako bati erantzuteko konpromisoa kontsolidatzen dute parte hartzen duten bost entitateek.

Izen-ematea        

Izena emateko epea gaur bertan hasten da eta ekainaren 7ra arte luzatuko da. Argibide gehiago eskuratzeko eta izena emateko bideak hauek dira: www.agora.araba.eus eta 945 122 198.